top of page

eskolHarria

"ESKOLAHARRIA, BIHARKO HERRIA" lelopean, nahi eta behar dugun EUSKAL ESKOLA PUBLIKO HORREN aldeko aldarri eguna ospatuko dugu Hernanin.

 

Harriak sendoak dira. Harriak, nonnahi aurki ditzakegu, forma eta molde ezberdinetan. Batzuetan bere baitako formetan, besteetan, moldatuak, landuak, zizelkatuak edota beste askorekin pilatuak. Urteetan zehar gauza askorako balio izan digute: Errepideak eraikitzeko, zubiak altxatzeko edota dorreak luzatzeko. Iparra ez galtzeko mugak marraztu dizkigute mendian. Aintziraren gainean orbanak marrazteko, txipi-txapaetan arituz erabili ditugu. Belarrietan dantzan dabiltza harribitxiak ere. Harriak daude nonahi, harria da gure planeta, harriak, meteoritoek osatzen dute unibertsoa.

 

Eskolak gure herri eta auzoan ikaragarrizko inportantzia du. Gure haurrak hazi eta hezi egiten dira bertan. Komunitatearen zutabe pisuzkoa da eskola. Harri-angularra. Monolitoa bailitzan, harri sendoa. Eskola-Harria.

 

25 urte bete ditu. Haur eskolan hasi zenetik, hamaika abentura, bizipen, negar eta algara pasa ditu. Egun, sendoa, bizkorra eta alaia da. Bizi-pozez begiratzen dio inguruari eta beldurrik ez etorkizunari. Beste hamaika bataila eta abenturari heltzeko prest dago. Harri du izena gure eskolan hezitako 25 urteko neska. Lepotik zintzilik, indarra ematen dion harri bat darama. Bertan ikasitako eta bizitakoak gordetzen ditu eta han-hemenka dabil bere altxorrarekin.

HARRI

Kaixo, HARRI naiz eta SORTZEN elkartea argia ikusten ari zenean sortu nintzen.

 

SORTZENek sortutako mundu horri EskolHarria deitzen diogu, SORTZENen hezkuntza proiektuarekin hezi eta hazi garen milaka harri garelako. Harrikoxkorrak garen horiek hazten joan gara, harri-biziak leuntzen, hitz egiten, eztabaidatzen eta erabakitzen dugun harrespilak, gure herriaren etorkizunaren harrobia gara eta harro gaude.

 

Euskal Herriko Harri guztien izenean, SORTZENi eskertu nahi diogu herri honen hezkuntza sistemaren giltzarria delako. Hala nola, errotarriek urtez urte babestu egin gaituelako, harribitxiek asko irakatsi egin digutelako, latsarri horiek argitu digutelako eta zorroztarriak inspirazio iturri izan direlako.

 

Horrexegatik aldarri bat egin nahi dut. Hernaniko ereserkiak dioen moduan, "Muino baten gainean sendo eta dotore" dago Sortzen, EskolHarria eta gu, Biharko Herria.

bottom of page