top of page

EUS

CAS

Sortzen Elkartearen 2018ko Jaia maiatzaren 20an izanen da, Iruñeko Antoniutti Parkean.  Iazko jaiaren protagonista izan zen IkasKilok (hezkuntza komunitateko barraskiloak) lagun berria izango du aurtengoan ondoan: EuskaraKilo barraskiloa. Beren ametsa garatzen jarraitzen dute: Auzo Bizi Onaren Eskola eta Hezkuntza Burujabetza. Eta ametsa euskaraz ere badela aldarrikatzera datoz aurtengoan EgunOn! leloarekin, aldarria modu eta momentu ezberdinetan plazaratzeko intentzio osoarekin. Maiatzera bitarte beraz, EgunOn!-ekin lotzen diren dinamika ezberdinak garatu eta sorpresa berriak eman nahi dizkigute.

 

EgunOn! egun on bat sortu eta garatuko dugunaren seinale gisa. EgunOn!, mundu guztiak eguna euskaraz hasteak duen garrantziaren irudikapen gisa, edo eta eguna euskaraz hasi nahi duen orok hasteko aukera duela adierazteko modu gisa. Dakienak erabiltzeak duen garrantziaren adiera gisa. EgunOn!, egunak euskaraz ere bizi nahi ditugula adierazteko modu gisa.

 

Aurtengo jaiaren baitan Euskarari bere garrantzia eskaini nahi diogu beraz. Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen urrats berriak ematen jarraitzen dugun honetan, bai lurralde osoa barnebilduko duen ofizialtasuna aldarrikatuz, bai D eredua diskriminazio guztien gainetik zabalduz, eta abar. Eta, noizbait, trabarik gabeko euskaraz bizitzeko eskubidea nahi badugu, etorkizunari begiratuz, eta erronka berriak begiztatuz. Esate baterako, denona den euskara herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko lukeen hizkuntza eredu bakarraren zabalpena. Euskara hedatzen, zaintzen, garatzen eta erabiltzen jarraitzeko gure determinazio osoa indartzera goaz.

 

Iaz bezala, aurtengo Sortzen Jaia ez du soilik eskola batek antolatuko. Eskola aunitzetako hezkuntza komunitateko kideak, gurasoak gehien bat, izanen dira, auzolanean eta lantaldeka, jaia antolatuko dutenak.

 

EuskaraKilok, IkasKilok… Barraskilo koadrilak hezkuntza du bihotzean, eta gogoan eredu berri bat. Horrenbeste dute hezkuntza maite, haien gainean etxetzat hezigunea daramatela. Ibilera motela dute, atzean inor ez uzteko konpromisoa dutelako. Eta, motel joateak ere, bide luzeak egiten ahalbideratzen dielako, urrats txikiak emanez gauza handi eta ederrak lortuz. Hezkuntza Burujabetzan oinarritutako amets bat daukate:

​

​

​

​

​

​

​

​

​

  • Slow Eskola: Ikasleen garapen beharrak errespetatu eta elikatzeko norbanakoari egokitutako erritmoa duen hezkuntza eredua, inor bazterrean utziko ez duelarik. Bertako elikadura natural eta osasuntsuaren bidez jangelek hezigune funtzioa dutena, pertsonen artean, elikagaiekin zein ekoizleekin harremanak landuz.

​

  • Eleanitza: Ikasle euskahaldunak sortuko dituen hezkuntza eredua, hezkuntza komunitatearen zein ingurune soziolinguistikoaren aniztasuna oinarri duena.

​

  • AberAniztasuna: Ikasleen aniztasuna aberastasuna izanik gure izaera kolektiboaren ezaugarria da eta, ondorioz, aniztasuna zaindu, elikatu eta elkar-aberastuko duena.

 

  • NiZuGutzailea: Ikasleek dituzten norbanako nortasun zein nortasun kolektibo ezberdin guztien ezagutza eta errespetua bultzatuko duena, enpatia sortuz eta begirunezko harremanak sustatuz.

 

  • SorBizitzailea: Pertsonaren garapenerako konpetentzien jabetza ezinbestekoa izanik, sortzailetasunaren eta modu libre zein bibentzialaren bidez heziketa bultzatuko duena.

 

  • Adimozionala: Autoestimua eta harreman sozial zein afektibo osasuntsuak garatu ahal izateko gure emozioak ezagutzea, ulertzea eta kudeatzen ikastea bultzatuko duena.

 

  • AuzoEskolan: Hezkuntza ez dagokio soilik eskolari, familiak eta herriak ere ardura eta funtzio garrantzitsua izanik, herria bera hezi-gunea bilakatuz, guztien parte-hartze aktiboa bilatuko duena.

 

  • Hezigune Sarea: Auzo Bizi Onaren eskolek behar duten garapen kultural, pedagogiko eta sozialerako interes komunen arabera elkarlanerako saretuko dira, saretze hauek Euska Herri mailako sistema propio baten abiapuntua izango direlarik.

 

  • Hezkuntza Burujabetza: Auzo Bizi Onaren eskola garatu dadin ikastetxean bertan hezkuntza proiektuaren, curriculumaren eta baliabideen erabaki eta kudeatze ahalmen handia behar da, eta hor kokatzen da hain zuzen burujabetzaren iturburua, behetik gora eta txikitik handira egituratuko litzatekeena.     


 

bottom of page